CAST | EUSK | ENGL
» home | » kreazio espazioa | » jarduerak | lantegiak | lab | mintegiak | » TOPO
TOPO

Beatriz Setien, Itsaso Iribarren eta June Cresporen arteko laborategia

AZALAn martxoak 5etik 22ra

Artium Museoan martxoak 23tik apirilaren 1era

Artiumekin elkarlanean antolatutako laborategia, "Abordajes" egitarauaren baitan

 

TOPO izena eman diogun bide horri jarraituz, proposamena egin diegu hainbat artistari, beren prozesuak haien artean partekatu ditzaten, espazio eta denbora berdinetan.

2010eko udazkenean, orduan “Fisura nº3: txoriak” proiektuan bakar-lanean ari zen Idoia Zabaletak, eta orduan ere “Living Archive” bere bakarkako proiektuan murgilduta zebilen Myriam Van Imschootek, topo egin zuten AZALA-n. Bakarrik ari ziren une batean bat etorri ziren biak bakardadeari buruz, eta une batzuetan beharrezkoa eta atsegina bada ere, egia da ere beste batzuetan frontoi izugarri handi eta hotz batean egotea bezalako zerbait dela. Formak eta estrategiak hartu zituzten hizpide, frontoi horretan elkarrekin bizi ahal izateko, hotz horretan, erraldoi horretan.

TOPO, euskarazko topo egin ez ezik, toki ere esan nahi du grezieraz (toπoç). Topologiak arreta berezia eskaintzen dio gertutasunezko harremanari. Baina zulo kopuruak ere aztertzen ditu, gauzen sendotasuna edo testura, eta beste osagai aipagarri batzuk, adibidez, konektagarritasuna, trinkotasuna, neurgarritasuna… Topologiak baimentzen du zerbait tolestu, luzatu, murriztu, bihurritzea, besteak beste, baina elkarturik dagoen hori sekula apurtu edo banandu gabe, eta banandurik zegoena itsatsi ere egin gabe. Topologoen (topologian lan egiten duten matematikoak) artean ospetsu den txiste batek dio: “Topologo bat katilu bat erroskilla batetik bereizten ez dakien norbait da”. 

Beatriz Setien. TOPO toki bat da, animalia ere bada gazteleraz, baina baita AZALA-raino eraman beharko nauten trenen artean, hartuko dudan azkenetako bat. Cophenaguetik Parisera naraman trenean nago, lau emakume gara konpartimenduan. AZALA-n hiru izango gara, eta bidaia luzeagoa izango da. Asko pozten nau egonaldi hau beste artista batzuekin partekatu ahal izateak, luze eman dut nik bakarrik nire estudioan eta nire etxean, lanean, eta piztu zait jende gehiagorekin lan egiteko gogoa. Niri gaur gehien interesatzen zaidana zera da, disfrutatzea lanean ari naizela, nik neuk bakarrik zein beste jende batekin batera egiten ditudan jarduerak hitzez bideratzea eta transmititzea, niri ere transmititu dizkidaten jarduerak, baina baita bidean topatu ditzakedan ideiak edota kezkak ere. Kezka moralak, gorputz-teknikari dagozkionak, estetikoak. Niretzat erantzuteko zailenak diren honako hauetatik abiatuta: zein da artearen funtzio soziala eta zein da hor nik hartzen dudan tokia? Baina baita pragmatikoagoak ere jorratuz, adibidez, nola jarri harremanetan programatzaile batekin edota nola gerturatu harengana? Egiten al dugu? Egi osoa aitortu behar badut ere, orain ekintza landu nahi dut gehiago, hausnarketa baino, egiteko aske senti nahi dut nire burua, gogoeta gehiegi egin beharrik gabe, ezertarako balioko ez duten gauzak (edo balioko dutenak) egiteko beharra dut, egin eta egin. Eta besteekin egin ahal izatea askoz ere dibertigarriago da”.

June Crespo. "Idi-gurdi baten gainean noa. Gidari ni noa, eta haietako bat naiz. Hiru gara, eta lekuz aldatzen dugu edozein unetan, baina gidaria da hitz egiten duena. Etxerako bueltan goaz, zerbait garrantzitsua gertatu den jakitun, indarrez hartutako lur eremu bat berreskuratu egin dugu. Inguruetako animaliak zoramenak jota ziruditen, inbasio horren ondorioz. Orain lasaitzen doaz, larrienak. Azala-n egitekoak: (1) Lanean jartzea, eta modu negargarrian jarri ere beharrezko balitz. (2) Egin daitekeenaren mugetan jardun ahal izatea. (3) Gauzei buruz hitz egitea, gauzen bitartez. (4) “Daukadan horrekin” moldatu. (5) Gogo berrituko nauten trabak aurkitu.(6) Gutxien uste denean erbia noiz azalduko zain egotea. (7) Egun guztiak igandea balira bezala lan egitea. (8) Nire prozesua ez dadila nahitaez negargarri izan, asmo horrekin aritzea.

Azala-n azpimarratzekoak. Eskultura lanari heltzea, baina ikuspuntu zabal batetik. Eskulturaren bitartez beste baliabide batzuetara hurbiltzea. Norberak lan prozesu baten barruan egiten dituen ekintzak erabiltzea, koreografiarako materiala gisa. Aldi berean edo inguruan gertatzen den guzti-guztia, itzulinguruak, garbiketak, zalantzak… zerbait gauza egiten den arte.Lan autonomo bat egitea, ikus-entzunezkoa ziurrenik, objektuari eta bere prozesuari buruz daukagun esperientziatik abiatuta. Gauza den horretatik abiatu eta hura berriz aktibatu beste ekintza, hurbilketa eta baliabide batzuen bidez. Zer espero dut TOPO honetatik? Bere lana isilean egiten joango dela espero dut, tunelak itsu-itsuan zabaldu ditzala, leku batetik sartu eta beste batetik irten dadila, puntu ezberdinak lotu eta lurreko hainbat zati suntsitu ditzala”. 

Itsaso Iribarren. “Gonbidapena jaso nuen 2011ko urriaren 5ean, Azala Sormen Gunean lan egiteko. Oraingo honetan, June Cresporekin eta Beatriz Setienekin batera arituko naiz. Eta pozez txoratzen jaso dut aukera. Elkarrekin izango gara, lan egingo dugu, sortu egingo dugu eta denbora eta espazio jakin bat partekatuko ditugu, 2012ko martxoan zehar. Koaderno bat erosi nuen, gonbidapena jaso bezain pronto. Kostatu zitzaidan zabaltzea, eta bertan idazten hastea. Koaderno piloa daukat, oharrekin eta marrazkiekin betetakoak. Hau ezberdina nahi nuke. Berriz idatzi zidaten AZALA-tik 2011ko azaroaren 8an, bi testu eskatzeko: Topo izeneko proiektuan parte hartzeko gonbidapenari buruzko aurkezpentxo bat, eta “kutsadura” kontzeptuari buruzko beste bigarren bat. Eskaerak nire koadernoan idaztera bultzatu ninduen, etengabe. Egunero zerbait idazten dut edo zerbait marrazten koadernoan. Idatzitakoak berriz irakurri eta gero, Gracias por venir izeneko proiektua abiapuntutzat hartzea erabakitzen dut, alegia 2011ko ekainean martxan jarri nuen ikerkuntza eta sormen lana. Gracias por venir izeneko hori, gure inguruan dauzkagun objektuen eta materialen arteko bidaia bat da. Haiek edukitzeko gogoari buruzko gogoeta da, eta nola azkenean haien antzerako izaten amaitzen dugun. “Sintonia” izena hartzen duen kontzeptuari ere arreta berezia eskaintzen diot. Norabide anitzeko denboraren ideiari lotutako kontzeptua bezala, etena, helburu jakinik ez duena, errealitatearen eta fikzioaren artean urtzen den esperientzia bat edo pertzepzio bat.

KUTSADURA hitzari buruzko hiru pasarte.

Itsasok idatzita: “Hiztegian bilatzen dut ´kutsadura´ hitza. Kutsadura. iz. 1. Kutsatzearen ekintza eta ondorioa. 2. HIZKL. Egitura edo elementu linguistiko batek beste egitura edo elementu linguistiko bati eragiten dion analogia ekintza. Ez da nahikoa. Beste zerbait behar dut. “Kutsatu” begiratzen dut hiztegian. “Kutsatu” aditzaren definizioaren barruan sartzen diren aditzak honako hauek dira: aldatu, izurritu, infektatu, eragin, gaiztotu, profanatu eta hautsi. Kutsatu ahal izateak espazioa eta denbora partekatuko dituen elementu bat edo gehiago behar ditu. 2012ko martxoaren lehenbiziko astea da, June Cresporekin eta Beatriz Setienekin nago, AZALA Sormen Gunean, Lasierran, Araban. Hirurak gaude estudioan, baina bakoitza bere aldetik ari da lanean. Hainbat objektu eta material ekarri ditugu, atariko hallean bildu ditugunak, egurrezko jarlekuaren gainean. Gaur estudioaren atetik oso gertu jarri naiz. Begiratzen egotea erabaki dut. June paperezko orri satinatu handi bat jartzen ari da atzeko paretan, eta zintzilik jartzen du lurreraino, eskaneatutako objektu distirant bat erdian jarria duela. Zertxobait areago, Beatriz dago, lurrean etzanda, oso poliki balantzaka. Junek amaitu du bere irudiarekin, eta hurbildu egin zait ziztu batean. Zorroa hartu eta koaderno bat atera du. Orriak pasa dabil, oso azkar. Zerbaiten bila dabil. Koadernoaren orri gainean oharrak eta marrazkiak ikusten dizkiot, Pilot beltzaz egindakoak dira. Konturatu naizenerako, Bea ere eman da, gure alboan. Balantzaka jarraitzen du, oso poliki. Mugimendu horren eskutik, espazioan barrena higitzen da, irrist egiten bezala. Koadernoko orrien artean, Junek ni ere marraztu egin nauela ikusi dut, marrazki bat baino gehiago, saltoan ari nintzenean. Bea paretako orri handiaren atzealdean ezkutatu da”. Beatrizek idatzita: “Elkarrengandik banatuta eta ur gainean dauden bi punturen artean ubide bat irekitzen denean bezala da: urak nahastu egiten dira. Neurona baten eta beste baten arteko sinapsiaren modukoa da. Norbaiti eskua eman eta bi gorputzek bat egiten dutela ematen duenean bezala. Gazteleraz mintzatzen ari naizela, bilatzen dudan hitz hori frantsesez baino ateratzen ez zaidanean bezala da”. Junek idatzita: “Elkarbizitzak ematen digun horrez gain, kutsatze kontziente baten ideia ere interesatzen zait, nahita eragindako kutsatze bat alegia. Zehazki, kutsatze hutsaz egindako lana lantresna eta gogo iturri bezala erabiltzea”.

TOPO
argazkiak
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © June Crespo
  • © Jorge Ferreira
  • © Jorge Ferreira
  • © Jorge Ferreira
  • © Jorge Ferreira
  • © Jorge Ferreira
  • © Jorge Ferreira
  • © Jorge Ferreira
  • © Jorge Ferreira
  • © Jorge Ferreira
  • © Jorge Ferreira
  • © Jorge Ferreira
  • © Jorge Ferreira
erlazionaturiko artxiboak
Espazioa naturan
diseinua: leirelana.com