CAST | EUSK | ENGL
» home | » berriak | » SEIGARREN PROKLAMA
SEIGARREN PROKLAMA

Lantegien eta topaketen programa

ARTIUM (Gasteiz), abenduaren 2tik-5era bitartean

PROKLAMA Artium eta Azalaren arteko lankidetza-programa da

 

 

 

 

MUSEO BATEKO HORMETAN LURRUNA SORTZEA

Magmadam, Txaro Arrazola, Iara Solano, Idoia Zabaleta eta Ixiar Rozasek gidatutako tailerra

Artiumen, Erakusketa aretoan eta Plaza aretoan

Izen-ematea: proklamar@gmail.com (toki mugatua)

Abenduaren 2tik 4ra, 17.00etatik 21.00etara | Abenduaren 5ean, 10.00etatik 14.00etara

 

ORDU LAURDEN KULTURA METAFISIKO

Oscar Gómez Mataren eta Esperanza Lópezen performancea, L´Alakran (Suiza) 

Txubio Fernández de Jáuregui eta Esperanza Lópezek aurkeztua

Artiumen, Ekialde-Goikoa aretoan 

 Abenduaren 5ean, 19.00etatik 19.30era

 

Zerbait ozenki esatea. Zerbait adierazteko, toki bateratu bat aldarrikatzeko, ahots edo oihu andana igortzea. Zerbait modu argian eta jendaurrean esatea. Gobernu bat edota gertakizun bat hotsandiz adieraztea. 6. Proklama honekin lantegi- eta topaketa-programa batekin jarraituko dugu Vitoria-Gasteizen, eta galdera honetara itzuliko gara: «Gu, herria», zein neurritan da ariketa performatibo bat? Galdera honek Judith Butler-en testu batean, «Gu, herria». Bilera askatasunaren inguruko gogoetak, du jatorria: «”Gu herria” herriaren subiranotasun modu baten enblematzat jotzen dugun esapide bat da, zeinak inplikatzen baitu pertsonek modu politiko anitzean elkar daitezkeela eta elkar izenda dezaketela. Horrek ez du esan nahi, ordea, guztiak bat datozenik, baizik eta jabetzen direla autoberrespena prozesu kolektibo eta partekatua dela». Seigarren edizio honetan, PUNK. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak erakusketarekin batera gertatuko delarik, lanean jarraituko dugu modu nahasian hiriko kultura-eragileekin eta pertsonekin. Beraz, orain arte egin ditugun Proklama saileko informalena eta diziplinagabeena izango da. Egin, desegin eta berregitea izango da asmoa. Eta hori egin bitartean zera galdetuko diogu gure buruari: zer ari gara egiten? Posible izango dira ia erantzun guztiak, baina haietako bakar bat ere ez da edozein izango. 

«Museo baten hormetan lurruna sortzea». Egoera horretarako deitutako artistek emandako lantegi honetan, egin, berregin, arraun egin eta adabakiak josiko ditugu. Lurruna da gorputzari zenbait egoeratan darion baporea. Izerditzea, jariatzea, xurgatzea, hozberoan aldaketa drastikoak eragitea. Paretak beti gorputza baino hotzagoak. Leihoko kristal lurrunduan hatz erakuslearen muturrez idazteko keinua oroitzapen kolektibo eta sentsorial batena da. Aurkeztutako hitzak urtu baino lehen idatzi behar dira eta, beraz, esaldiak, behar bezain presakoak izan: HEMEN, gaude GAUR HEMEN. Deitutako artista bakoitzak bere hurbilketa planteatuko du tailer honen izenburuarekiko dantzaren, soinuaren, ahotsaren, idazkeraren eta marrazkiaren bidez. Lantegi hau zabalik dago museo bateko hormetan lurruna sortzeko interesa duten pertsona guztiei. 

Magmadam-en ardura izango da zuzeneko soinu-frekuentzien tartea. Myriam P.-ek, perkusio- eta bateria-jotzaile eta sortzaile autodidaktak, eta Itziar Markiegik, zaratagile plastiko eta soinugileak osatzen dute. Magmadam mugimendua eta inprobisazio elektroniko eta akustikoa da. Zuzeneko des/eraikuntza. Zarata, gorputzak, ehundurak eta erraiak. Talde irekia da. 

Idoia Zabaletaren ardura izango dira gorputzen dardara eta pogoa. Koreografoa da, eta bere ustez koreografia gauzak elkarrekin lotzeko sistema konplexu bat da. Bere lana nazioarteko jaialdietan erakutsi du; master eta graduondoko ikastaro askotan ematen ditu eskolak eta 2008. Urteaz gero AZALA gobernatzen du Juan Gonzálezekin batera, Arabako landa-ingurunean kokatutako sorkuntza-gunea.

Iara Solanoren ardura izango da gorputzak erlaxatu eta irekitzea. 2006an Londresen sortu zen Sleepwalk Collective nazioarteko performance-taldearen kide sortzailea da. Bere lana performancearen liluran oinarritzen da, leku eta denbora zehatz batean gertatzen den benetako gertakizun gisa. 

Txaro Arrazolaren ardura izango da margoarekin eta irudiarekin lan eginaraztea. Gaur egun Bilboren eta Vitoria-Gasteizen artean bizi da. Arte Ederretan doktorea (UPV/EHU), bere lanaren atzealdean gizartearekiko konpromisoa dago, margolaritzaren esparran batik-bat. Talde-lan kontestuala interesatzen zaio eta 2012. urteaz gero Plataforma A-ren kide da. 

Ixiar Rozasen ardura izango da testuak sorraraztea. Testuak dira esku artean ditugun irudiekin, ahotsekin eta hitzekin ekoiztu eta inskribatu dezakeguna ere. Urte batzuk daramatza toki hori ikertzen eta praktikatzen. Bere testuak zenbait herrialde eta hizkuntzatan argitaratu dira. Idazlea, dramaturgoa, Arte Ederretan doktorea (UPV/EHU) eta AZALAko taldearen kide. 

Ordu laurden kultura metafisiko Ghérasim Luca-ren poema batean oinarritutako performance bat da, Oscar Gómez Mataren eta Esperanza Lópezen (L´Alakran) artean sortua. Performance hau entrenamendu fisiko baten aurkezpena da, errumaniar poetaren izen bereko poema abiapuntu harturik. Helburua da poemaren baitako nozio metafisikoak dramatismorik gabe kokatzea (bizia, heriotza, larrimina, hustasuna, ideiak, hotzikarak) ariketa fisikoak eta soinu-ariketak errepikatzearen bidez. Poetaren ekarpena da meta delakoa, eta performatzaileena fisikoa. Performance hau bilduma baten lehen pieza da, eta bilduma hori, berriz, La Conquista de lo Inútil izeneko proiektu zabalago baten parte. Ahalegin handiena, emaitza txikiena, edota nola egin izugarrizko ahaleginak oso emaitza txikiak lortzeko.  

Esperanza López. Genevan, École de Théâtre Serge Martin-en jaso zuen batez ere prestakuntza eta, gero, Frantzian eta Espainian beste profesional askorekin. Espe López Legaleón-T Teatro-ren(1986) sortzaileetako bat da eta 1997. urteaz gero parte-hartze aktiboa du Suitzako L´Alakran konpainian. Konpainia askorekin aritzen da lankidetzan, hala nola, Dans le sens opposé, Le vent des signes eta Antzerki Ola Imaginarioa (FTI) konpainiekin. Antzerki-ikastaroak ematen ditu profesionalentzat hainbat lanbide-ikastetxe, konpainia eta eskolatan.  .

Txubio Fernández de Jáuregui. Formación Actoral con Rena Mirecka Institut Aktora Laboratorium Polonia-n jaso zuen aktore-prestakuntza. Baina baita Pontederako (Italia) Centro para la Ricerca y Experimentacione teatrale-n ere. Ikuskizun asko sortu ditu konpainia batzuekin eta besteekin, esate baterako, Trapu Zaharra, Zanguango, Legaleon-T, L´Alakran, Kolectivo Monstrenko eta Societat Alonso-rekin. Ikus-entzunezkoak: Vaya Semanita, Esto no es serio EITB-n; Qué vida mas triste La Sexta-n; Ciudad K, La 2-en, etab. Zinema: Pagafantas, Un poco de chocolate, Un mundo casi feliz, etab.

 

Proklama Artiumek eta AZALAk elkarlanean antolatzen duten arte bizien inguruko egitarau sorta da

Egitarauak 7. Proklamarekin jarraituko du 2016ko udaberrian

 © CUARTO DE HORA DE CULTURA METAFISICA. Simon Letellier
diseinua: leirelana.com