CAST | EUSK | ENGL
» home | » kreazio espazioa | » azalerak | » 10. PROKLAMA
10. PROKLAMA

Lantegien eta topaketen programa

Artium (Gasteiz) eta Arte Ederren Museoa (Gasteiz), maiatzaren 11 eta 12an

Proklama Artiumek eta Azalak elkarlanean antolatzen duten arte bizien inguruko egitarau sorta da

 

 

 

 

ENVOLTURA

Solo pieza zenbaiten aurkezpena: Isabel de Naverán, Idoia Zabaleta, Leonor Leal, Bobote eta Pedro G. Romero

Arte Ederren Museoa (Vitoria-Gasteiz), sartzea gonbidapenazMaiatzaren 11n, 19:00etan

Toki mugatua. Gonbidapenak Arte Ederren Museoan eskura daitezke, maiatzaren 11n bertan, 18:00etatik aurrera

 

HISTORIA(K)

Dokumentalaren proiekzioa eta Olga de Sotok gidaturiko mintegia

Artium, Plaza aretoa, sarrera doan

Maiatzaren 12an, 10:00etatik 14:00etara

Argibideak eta izen-ematea: proklamar@gmail.com (toki mugatua)

 

OIHANA. TXARA GIZAKIAK ZELATAN

Pedro G. Romero-ren hitzaldia

Artium, Emanaldi-aretoa, sarrera doan

Maiatzaren 12an, 18:00etan

 

BOCA DE FIERRO (burdina-ahoa)

Arte ekintza: Marcela Levi & Lucía Russo, Improvável Produções

Artium, Ekialde-Goikoa aretoa, sarrera doan

Maiatzaren 12an, 20:30ean

 

-------------------------------

 

10. Proklama honekin lantegi eta topaketen programarekin jarraituko dugu Gasteizen, honako galdera honetara itzultzeko: Zertan da «Gu, herria» ariketa performatibo bat? Galdera horrek jadanik aurreko edizio zenbaitetan aipatua dugun Gu, herria. Bilera-askatasunaren inguruko gogoetak  izeneko Judith Butler-en testu batean du jatorria. Hamargarren edizio honek bi inarrosaldi mota izango ditu ardatz: gorputz fisikoarena eta historiarena. Gailu gisa, gorputzak dituen jakiturien artxiboa erakusten digu, beste gorputzetatik ikasitako tekniken bitartez. Historiaren kontakizun ofizialak marrazten duen ildo ideologikoan, zenbait biltzinka hauteman daiteke, zenbait izkintxo, zeintzuk, sinkopetzat edo mugimendu sinkopatutzat hartuz gero, historiaren inarrosaldi batez mintzo baitzaizkigu. Proklama honetan, sinkope inarrosaldi horiei dantzaren bidez ekin nahi zaie, dantza solo piezetan. Solo piezak, bai, eta ez bakardadeak, ezpada subjektibotasun elkarretaratuak.

 

Envoltura artistentzako gonbit bat da, dantzazko solo piezari so egin diezaioten, ikuspuntu zabal eta hedatu batez, oraingo gorputz indibidualean beste gorputz batzuk, beste teknika eta beste denbora batzuk distirarazteko moduak esploratzeko asmoz. Sustatzailea Isabel de Naverán izan da, eta Proklama honentzako piezak sortu dituztenak Idoia Zabaleta, Leonor Leal, Pedro G. Romero eta Bobote dira. Sinkopearen ideia, Antonia Mercé, La Argentina (1830-1936) izan zenaren irudian gorpuztua, hiru eszenetako bakoitzaren oinarrian ageri da. Isabel de Naverán arte ederretan doktore ikerlaria da. Bulegoa Zenbaki Barik (Bilbo) arte eta jakituria bulegoko kidea da, bai eta ARTEAkoa ere (Madril). Idoia Zabaleta koreografoa da; dantza eta biologia ikasi eta, bigarren horretan, ekosistemak eta biztanlerien dinamikan espezialdu zen. 2008az geroztik, Azala espacio-rem zuzendari artistikoa da, bizi den herrian bertan. Leonor Leal dantza klasikoa eta espainiar dantza ikasia da. Flamenkoa lantzen du, sakonki, honako ekoizpen hauekin, besteak beste: eLe eLe, Mosaicos, Frágil edo JRT (Julio Romero de Torres, margolari eta flamenkolariaren gainean). Bobote (José Jiménez Santiago) txalo-jotzailea, dantzaria eta konpasaren aztia da Las Tres Mil Viviendas auzoan; azken hamarkadotako flamenkoan funtsezko norbait da. Pedro G. Romero 1985az geroztik ari da artista lanetan. Gaur egun, bi tresna handitan ari da lanean: Archivo F. X. eta Máquina P. H.

Historia(k). 1946ko ekainaren 25a, Paris. Jendeketza handia pilatu da Eliseo Zelaietako antzokiaren sarreran, Gaztea eta Herioa, balletaren lehen emanaldia ikusteko; obra Jean Cocteau-ren gertabide batetan oinarritua da. Jean Babilée dantzaria ageri da kartelean, maitasunez hiltzen den gaztearena egiteko. Handik berrogeita hemezortzi urtera, Olga de Soto koreografoak, obra horren gaineko ikerketa egin nahiz, gau hartan parte hartu zuten ikusleen bila abiatzea erabaki du. Pixkanaka, ikuskizuna birsortuz doa, atzo, ilunean bildurik ikuskizun hori bereganatu zutenen begiradek argiturik; elkarrizketatu dituenen ahotsak, zalantzak eta isilaldiak, haien oroitzapenak eta oharpenak, jatorrizko obraz harago doaz eta azken mendeko historiara garamatzate. Olga de Soto koreografo eta dantza-ikerlaria da, Valentzian jaioa eta Bruselan kokatua. CNDC Centre National de Danse Contemporaine de Angers frantziar eskolaren lizentziaduna da. Egiten duen lana koreografia sorkuntzatik tauletako dokumentalera, ikusizko arteetara, arte plastikoetara eta muntaketetara doa, diziplinen arteko porositatearekin jolastuz; aldi berean, harreman sendoak lotzen ditu artearen historiaren eta historia sozial eta politikoaren artean, bai eta ibilbide eta esperientzia indibidualekin. 2013an, Olga de Soto Belgikako SACD delakoaren Nazio mailako Sariduna izan zen, Antzertiaren kategorian, bere ibilbide osoarengatik eta La Mesa Verde delakoaren inguruan egindako ikerketa eta sortze lanarengatik.

Oihana. Txara gizakiak zelatan. «Bilgarria-n irakurritako zatietako batzuk, trakeski deklamatuak, baina Bobote-ren dantza zaharrak aireratuak, idazketa proiektu zabalago baten parte dira, Wittgenstein y los gitanos delakoaren parte. Iruditu zitzaidan krosko horietako batzuk, baso batean barneratuko balira bezala, liburua irekitzen doazen horiek, hau da, Selva o los bosquimanos emboscados [‘Oihana edo txara gizakiak zelatan¡’] izenekoak, egokitu litezkeela historiaren zamaren pean gorputzek jasaten duten galera horri, sinkopeari, izenen bizitzaren eta nornahirenaren artean gertatzen den bat ez etortze horri. Horretaz mintzatuko gara, hala espero dut», idatzi du Pedro G. Romero-k.

Boca de Fierro. Musikaren aldetik, Belen hiria, Para estatuaren hiriburua, Brasilen iparraldean, amazoniar Karibea da, kontrabando bideei esker sortua. 1950. urteetan, lurringaiak eta whiskia ekartzen zituzten itsasontziek, eta merenge, saltsa eta zouk musikako biniloak ere kargatzen zituzten. Handik hirurogei urtera, karibear soinuen eraginez, paratar musika «tecnobrega» musika generora etorri zen -musika genero hori herri musikak bereganatu eta aldatuz sortu zen. Dantza-rapsodia infernuzkoa, begirunegabea, jostaria, kitzikatzailea, lizuna, oldartsua, maltzurra eta sentsuala. Beste gorputzez, anbiguotasunez, ongiez eta gaizkiez beteriko gorputz batetik, hau da, giza-gorputz batetik, jende-gorputz batetik, sortutako dantza. Marcela Levi & Lucía Russo-k Improvável Produções sortu zuten 2010ean. Honako pieza hauek sortu dituzte, besteak beste: Naturaleza Monstruosa (2011/12), Mordedores (2015), Boca de Fierro (2016/17), bai eta Sandwalk with me (2013) hiri eskuhartzea ere. Levi & Russo egiletza partekatuko proiektu baten alde daude, zuzendaritza artistikoa norabide irekiaren aldera abiatzen delarik, non kokapen desberdinak elkarrekin gurutzatzen baitira, lerro desbideratzaileak eta bat ez etortzea indar kritiko eraikitzailetzat eta ez elkarren kontrako polaritate auto-ukatzailetzat hartzen dituen prozesu batean.

 

Proklama Artiumek eta AZALAk elkarlanean antolatzen duten arte bizien inguruko egitarau sorta da

Egitarauak 11. Proklamarekin jarraituko du

Boca de Fierro
laguntzaileak
argazkiak
Espazioa naturan
diseinua: leirelana.com