CAST | EUSK | ENGL
» home | » kreazio espazioa | » azalerak | » 9. PROKLAMA
9. PROKLAMA

Lantegien eta topaketen programa

Artium (Gasteiz), 2017ko otsailak 18tik 24ra bitartean

Proklama Artiumek eta Azalak elkarlanean antolatzen duten arte bizien inguruko egitarau sorta da

 

 

 

 

LAB_REC: ¿IN-QUIETA O IN-QUIETO?

Olga Mesak eta Francisco Ruiz de Infantek (Hors Champ // Fuera de Campo konpainia) proposatutako laborategia 

Artista gonbidatuak: Ane Guria eta Claire Serres

Artium, Plaza aretoa

Otsailaren 18an eta 19an, 16:00etatik 21:00etara

Otsailaren 20tik 24ra, 18:00etatik 24:00etara

Argibideak eta izen-ematea: proklamar@gmail.com (toki mugatua)

 

21. TABLAOA: RESISTENCIAS  FROTAMIENTOS  MAGNETIMOS... Y VICEVERSA

Olga Mesa-ren eta Francisco Ruiz de Infante-ren hitzaldi performatibo txit ilustratua 

Artium, Emanaldi aretoa, doako jarduera

Otsailaren 23an, 19:00etan

 

CARMEN // SHAKESPEARE: LEHEN AKTOA (LAINOARENA) 

Olga Mesaren eta Francisco Ruiz de Infanteren ikuskizun koreografiko, ikus-entzunezko eta plastikoa

Artium, Ekialde-Goikoa aretoa, doako jarduera

Otsailaren 24an, 19:00etan

 

CABARET DEL PRECIPICIO (UNDER PRESSURE)

Esperientzia performatibo jai-girokoa, LAB_Rec-en parte-hartzaileekin batera proposatua + artista gonbidatuak 

Artium, Plaza aretoa, doako jarduera

Otsailaren 24an, 20:15etik aurrera

 

-------------------------------

 

9. Proklama honekin lantegi- eta topaketa-programarekin jarraituko dugu Vitoria-Gasteizen, eta galdera honetara itzuliko gara: «Gu, herria, zein neurritan da ariketa performatibo bat?». Galdera honek Judith Butler-en «Gu, herria». Bilera-askatasunaren inguruko gogoetak testuan du jatorria. Behin eta berriz aipatu dugu testu hori aurreko edizioetan. Bederatzigarren edizio honetarako… Sar eta ikus; barruan dago askatasuna! Oraingo honetan Olga Mesa eta Francisco Ruiz de Infante ekarri ditugu delituaren gorputzari –hobenaren gorputzari– hel egitera. Egun gutxi baina egitekoz betetako horietan beren Carmen// Shakespeare* konstelazio labirintikoaren hainbat aurpegi erakutsiko digute. Lau urte baino gehiago daramate ikus-entzunezko egitasmo plastiko eta performatibo hori prestatzen, giza-harremanen begiztako hainbat arketiporen inguruan (sedukzioa, gatazka, noraeza, gainbehera, heriotza…). 

 

Lab_Rec (atzemateko laborategia) Carmen // Shakespeare proiektuarekin lotutako sortzeko eta esperimentatzeko lantegi sail bat da. Bertan, Olga Mesak eta Francisco Ruiz de Infantek gorputza (haren oroimena, presentzia eta teknologiaren bidez handiagotzea) abiapuntu harturik sortzen ari diren ikerketa-tresnak partekatu, bizkortu eta testuinguruan kokatuko dituzte. Lab_Rec: ¿IN-quieta o IN-quieto? ekintzarekin «talde-oroimen» bat sortzen saiatuko dira denbora errekorrean, «beharrezko hutsegiteak, lapsusak, asmatzeak eta intuizio zikinak» elkarrekin esperimentatu ahal izateko. Han, hiztegi artistikoek eta lan-metodoek elkar igurtziko dute era guztietako alorretan: performancea, bideoa, musika, literatura, instalazioa eta soinua. ¿IN-quieta o IN-quieto?-n IN delakoaren eta OUT delakoaren artean dar-darrean dauden lainoek uhertutako paisaia batzuk ere arakatuko dira, eta handituko eta tradituko gaituzten «erreferente eragile» batzuk eta «tranpa-gailu» batzuk bizkortuko dira (kamerak, mikrofonoak, zelula hartzaileak, begiradak, ispiluak, argiak, itzalak…). Hobeto ikustea? Hobeto entzutea? Seguru asko, beste era batera eta beste kontzientzia batekin ikustea eta entzutea. OUT egotea? IN egotea? IN-quieto? IN-quieta? Seguru asko, mugimenduan.   

Lantegi-laborategi hau artista, musikari, arte ikasle, idazle, eszenografo, antzezle, performancegile, dantzari, antzerkilari eta abarri zuzenduta dago. Gorputzaren bidez (haren irudia, itzala, soinua eta errainua) espazio-denborazko narrazio berriak esperimentatu nahi dituzten guztiei. 

 

Cabaret del Precipicio (under pressure). 9. Proklama honen Lab_Rec delakoa hiru denboratan antolatuko da: 1. Partekatzea (ezagutza, esperientziak, nahiak); 2. Proiektatzea (gailuak, testuinguruak, joko-arauak) eta 3. Egiaztatzea (irudikatutakoaren eta benetakoaren arteko tartea). Jai-giroko ekitaldi publiko bat antolatu eta burutzea izango da lantegiaren zati handi bat, «Kabaret» modu posibleetako bat berrinterpretatuko duena. Ekitaldi horretan, Lab_Rec-en bizkortutako forma eta energietako batzuk partekatuko dira, arriskua geure gain hartzen saiatuko gara modu burrunbatsuan erori gabe (ala eroriz?).  

 

21. Tablaoa. Tablao saileko hitzaldi performatiboen bidez, denbora-tarte aldi berean ikusgarri eta hauskorra proposatzen digute Mesak eta Infantek, beren Carmen // Shakespeare proiektuko sortze-prozesuetako ikuskari, interpretazio eta tirabiren barruraino bidaiatzeko. Oraingo «tablao» honetan (2013an hasitako saileko 21.a) Proklamarako propio sortutako ikus-entzunezko gailu sofistikatu batek aukera emango du «gorren arteko elkarrizketa txit ilustratuak» sortzeko, hiztegiak gurutzatzeko, proiektu orokorrean giltzarri diren erreferentzia batzuk «esnifatzeko» eta errealitatea eta fikzioa bereizten dituen lur-zerrendan (oso, oso irristakorrean) astiro sartzeko.  

________________________________________________

 

Olga Mesa koreografoa eta ikusizko artista da, eta dantza garaikidearen irudi garrantzitsuenetako bat Espainian. 1990eko hamarkadan hasi zen intimitate-egoera baten irudikapenean oinarritutako gorputz-idazkera bat garatzen, adierazpena, pertzepzioa eta analisia elkartuz.

Ikusizko arteak esperimentazioan oinarriturik eszenara eramateagatik nabarmentzen da haren lana, eta zinemaren eta literaturaren erreferentziak erabiliz hizkuntza pertsonal bat sortzeagatik. Haren sorkuntza-lanak Europan, Latinoamerikan, Estatu Batuetan eta Afrikan aurkeztu dira. 2016ko azaroan Olga Mesa y La Doble Visión argitalpen-proiektua aurkeztu zuen, bere ibilbidearen ikuspegi panoramikoa. www.olgamesa.eu.

Francisco Ruiz de Infante multimedia-artista da, kontrolerako eta jostaketarako ikus-entzunezko makinen eta beste material itxuraz bakunago eta egunerokoagoen arteko elkartze eta konfrontazioak markatutako belaunaldi batekoa. Ugariak dira haren unibertso artistikoan esparru deslokatu eta paradoxikoak, edota eraikitzeko bidean daudenak. Haren kontatzeko eraren oinarrian «Ibilbide labirintikoa»-ren ideia dago, oso zentzu zabalean. Nazioarteko museo askotan erakutsi ditu bere lanak. Arte performatiboen esparruan, Olga Mesarekin aritu da elkarlanean, haren labOfilm (2010-2012) proiektuan. Gaur egun Mesa eta Ruiz de Infante Carmen// Shakespeare (2012-18) eszena-, plastika- eta film-egitasmoa egiten ari dira elkarrekin. www.lillas-pastia.net

 

Proklama Artiumek eta Azalak elkarlanean antolatzen duten arte bizien inguruko egitarau sorta da

Egitarauak 10. Proklamarekin jarraituko du 2017ko maiatzaren 11tik 14ra

CARMEN // SHAKESPEARE
laguntzaileak
erlazionaturiko artxiboak
Espazioa naturan
diseinua: leirelana.com