CAST | EUSK | ENGL
» home | » kreazio espazioa | » jarduerak | » artisten egoitzak | » 918 GAU
918 GAU

Arantza Santestebanen (Iruñea) idazketa egoitza

abenduak 17tik 23ra bitartean

 

 

 

Nire bizitzako une jakin batean, Estatu espainoleko hainbat kartzelatan bizi izan nintzen. Testuinguru politikoa delikatua zen: euskal gatazka politikoa hil-osteko fasean zegoen, eta oraindik konfrontazioa handia zegoen gatazkarekin zer ikusirik duten parteen aldetik. Ezohiko neurriak hartzen zituzten pertsona eta kolektibo askoren kontra, alderdi politikoak ilegalizatu egiten zituzten, egunkariak itxi egiten zituzten, kartzelaratze masiboak gertatzen ziren, tortura salatzen zen…

Ia hamarkada bat igaro da harez gero. Hainbat gauza memorian galduta geratu zaizkit, beste batzuk, ordea, ondo baino hobeto gogoratzen ditut. Egin nezake ahaztu eta oroitzapenak artxibatu. Baina nire barruko ahots batek horrekin guztiarekin zerbait egin behar dudala eskatzen ari zait. Asko hitz egiten da kartzelaz eta euskal gatazka bezala izendatzen denaz, ikerlanak egiten dira, baita artikulu akademikoak ere; hala ere, esperientzia hau bizi ondoren, atera dudan konklusioa da kartzelako bizimoduaz egin ohi diren azterketak eta irudikapenak, orohar, mugatuak direla eta asetu ezinik uzten nautela. Ez dituzte aztertzen izugarrizko garrantzia duten arazoak, kartzela zer den eta nola funtzionatzen duten ulertzeko.

Narrazio zinematografiko ugari dago gai honen inguruan, baina nire iritziz, beti dute zerbait faltan. Irudia horiek erakusten dutena ez dira kartzelako eguneroko baldintzak, haiei buruz gizarteak duen irudiak nola lan egiten duen baizik. Zeldak, patioak, hesiak, krimen antolatua, terrorismoa edota droga… kartzelari buruzko aldez aurretik eginda ditugun karakterizazio horien osagaiak dira. Hala eta guztiz ere, kartzelan eguneroko bizitza zer den ulertzeko lagunduko liguketen ezinbesteko gaiak irudikatzea ia ezinezkoa da: denboraren iragaitea, kanpoko mundutik isolatuta bizitzea, kartzelaldiaren ondorio fisiko eta psikologikoak, gu menderatzeko espazio ilunak, norbanakoaren printzipio politikoen berformulazioa, eta abar.

Gogoratzen dut oraindik, epaitegira eraman gintuztela behin, polizia-furgoi txiki batean. Preso urteak zeramatzan andere maitagarri batek honako hau esan zidan: kartzela zer den kontatu ahal izateko, beharrezkoa da lo egitea. Nik 918 GAU eman ditut kartzelan, eta uste dut lehenengo pertsonan bizi izan nuen nire esperientziak baduela zer ekarri, berdingabea den ikuspegi bat, eta ezin konparatuzko esperientzia emozional bat. Nire asmoa da film honekin: nire bizitzaren tarte hori kontatzea, eta atxilotuta eta mundutik isolatuta bizitzea zer den modu subjektiboan erakustea ikusleei.

2018ko abenduko hirugarren astean zehar, Azala espazioaz disfrutatzen ahaleginduko naiz, lasai egon, konpainia ederraz gozatu, eta gidoia idazteko arreta osoa ondo bideratu, nahi nuke horretarako aprobetxatu. Hori egiteko nire gutun-bildumaren zati bat eramango dut, oraindik ere ondo orraztu gabe dauden parteak berridatziko ditut, eta abar.

 

 

Arantza Santesteban Perez. Historian lizentziaduna, Euskal Herriko Unibertsitatean (2011). Centre de Dones Francesca Bonemaison-en Dokumental Sortzaileko diplomaduna (2012, Bartzelona). Era berean, Zinema Dokumentaleko Gidoiaren gaineko prestakuntza egin du, Carmen Avalosekin (2013, Bartzelona). Prestakuntza espezifikoak egin ditu Victor Ericerekin (2015, Donostia) eta Patricio Guzmanekin (2016, Madril). 2012an, hainbat dokumental zuzentzen hasi zen, eta, haien artean, nabarmentzekoa da PASSATGERES izeneko bere lehen lana.  2017an, EURITAN filma zuzendu zuen Irati Gorostidirekin batera, eta 2017ko KIMUAK katalogorako hautatu zuten. Tabakalera kultura garaikidearen sorkuntza-zentroaren eta Donostia 2016 Hiriburutzaren laguntza jaso zuen. Besteak beste, Zinebi, Punto de Vista, Miradas Doc eta Malagako Zinema Jaialdian ibili da. 2017an, Huarte Arte Garaikideko Zentroak komisario-ikerketako egonaldi bat egiteko hautatu zuen. Haren barruan, 2018ko ekainean “Gatazka irudien inguruko hausnarketak” nazioarteko mintegiaren komisario izan zen. 2018an ere, Ikusmira Berriak (Tabakalera, Elias Querejeta Zine Eskola, Donostiako Zinemaldia) programaren barruan laguntza jaso zuen, oraingoz azkena duen 918 GAU bere proiektua egin ahal izateko. Gaur egun “Komunikazioa, kultura, gizartea eta politika” (UNED-Espainia) Masterraren testuinguruan ikertzailea da, eta zinema irudikapen gisa, feminismoa eta gatazka politiko garaikideak lotzen dituzten arazoak aztertzen ari da.

918 GAU
Espazioa naturan
diseinua: leirelana.com