CAST | EUSK | ENGL
» home | » kreazio espazioa | » jarduerak | » artisten egoitzak | » URRUNA
URRUNA

Tripak kolektiboaren sorkuntza eta ikerketa egoitza

ekainak 25etik 29ra bitartean

 

 

 

                        

Sumendiaren alde lanbrotsu eta beroenean omen dago zerbitzugunea. Ganadua askan bezala, zonaldeko hiru bizilagunak egunero asetzeko elkartzen diren lekua da. Erreta eta izerditan blai, ezin diote jateari eta pilatzeari utzi. Modu berean, sentitu dezaket nola puzten diren haien sentimendu itsatsiak, euriak inoiz garbitu ez dituenak. Keinu maitekorren bitartez erakartzen dira eta eraso finez bultzatu. Barrutik gainezka egiteko puntuan dauden arren, biziki itxaroten naute, eta honek izuti eta sukartsu bilakatzen ditu. Nire onetik aterako naiz haien artera.

 

Irudikatutako leku batean gertatzen denari buruz sortutako fantasia da Urrunaren abiapuntua. Eszenatoki batetik hasten gara eta horrek gure prozedura nahiko ondo laburbiltzen du: ingurumenak bere eduki propioa sortzen du. Hasieran interes partikularrik gabeko leku bat aukeratzen dugu itxuraz pobrea eta errealista. Ingurunea gure errealitate propiotik urrun egotea bilatzen dugu, gure diskurtsoak eta erromantizismoak kolonizatu gabe egotea. Horrela, guretzat misteriotsua den horretara inuzenteki eta erne hurbiltzen gara,benetako deskubrimendua ahalbideratuz.

 

Agerikoa eta ezkutuan dagoena lantzean, mitikoa eta egunerokoa arrarotu nahiko genituzke. Hauskortasuna, zaintza, kezka, mania,desoreka, maitasuna, tentsioa, beldurra, amorrua, errutina eta kontrola bezalako kontzeptu eta errealitateak landuko ditugu, harremanetan beti hain erraz azaleratzen ez diren aspektuak. Gure barnean bilatzen ditugu pasio horiek, eszenan deskubritzeko. Gure gorputzen bidez  ikusleek beren gorputzetan sentitu  ditzaten pasio horiek.

 

Maite Mugerza Ronse (Elgoibar, 1988). Bermeon bizi da. Arte Ederretan  Lizentziatua EHUn eta Salvador de Bahíako unibertsitatean (Brasil). Irakaskuntzarako masterra ere Leioan burutu zuen, pinturan espezializatuz. Duela urte batzuk gorputz adierazmena deskubritzen eta ikertzen hasi zen mugimenduaren eta keinuaren bidez, sormen laborategi batean, Gasteizen, eta hainbat artistarekin batera Tripak kolektiboa sortu zuen, munduarekiko bizipen berezi bati forma emateko desira komunarekin.

Marina Suarez Ortiz de Zárate (Gasteiz, 1988). Arte Ederretan lizentziatua Leioako EHUn eta Cluj Napocako (Rumania) UADen. Txikitatik antzerkiak erakarrita, 2012an Gasteizeko Antzerki eskolan hasi zituen ikasketak. Urtebete geroago Baratza Aretoa eta PARASITE konpainia ezagutu zituen, geroago lankide bihurtu izan direnak. Bere buruari arte eszenikoek zer eskaini diezaioketen galdetzen jarraitzen du, barnean daramatzan bibrazio artistikoak azaleratzeko. Materialak eta gorputzak kuriositatez bilatzen ditu, bakoitzaren hizkuntzetan arakatuz, horien egia topatu nahian.  

Andrea Berbois (Eibar, 1988). Musika giroan hezia, 3 urterekin hasi zen biolina jotzen Suzuki Metodoan. Munduarekiko pasio eta eutsiezineko jakin-min eta espresio propioaren beharrarekin, Filosofian eta Biolineko Interpretazioan lizentziatu zen azkenik. Egun, pedagogia ikasketak egiten dihardu hala nola soinu eta gorputzaren erabilera berrietan esperimentatzen.

Natalia Suarez Ortiz de Zárate (Gasteiz, 1994).Bilbon bizi da eta bertan ikasten du. Leioako  EHUn eta Lisboako FBAULen Arte Gradua amaitu eta urtebete geroago EHUko Pintura Masterrean matrikulatu zen, egun ikasten ari dena. Bere azkenengo sei urteetan zirkuan aritu da, aire akrobazien munduan barne. TRIPAK kolektiboarekin bat egin zuenetik, arte eszenikoak, arte plastikoen oso era antzekoan, errealitate berriak sortzeko tresna bilakatu dira, bertatik esku hartzeko.

URRUNA
Espazioa naturan
diseinua: leirelana.com