CAST | EUSK | ENGL
» home | » kreazio espazioa | » jarduerak | » artisten egoitzak | » LUR NAIZ
LUR NAIZ

Dejabu panpin laborategia antzerki taldearen sorkuntza egoitza (Errenteria)

abenduaren 10tik 20ra bitartean

 

“Justizia egin nahi badugu, hobi komunak zabaldu egin beharko ditugu. (…) Oroitzea edo ahaztea, hor gakoa. Memoria trauma kolektibo horiei aurrez begiratzean datza”. Wajdi Mouawad

 

Lur azken aldian ez da ondo sentitzen. Ez daki zergatik baina ezin du lo egin. Egunerokoari aurre egiteko zailtasunak ditu. Irudi bortitzak amesten ditu lo hartzea lortzen duenean, eta azken aldian baita lo ez dagoenean ere. Beleak. Bele beltzak autobusean, beleak lantokian, erosketak egiterakoan… eta batzutan ezagutzen ez duen emakume hura. Begirada gogorreko emakumea. Psikiatrak pastilla mordoa rezetatuta, barne korapiloren bat duela esan dio, konpondu gabeko zerbait. Amarengatik galdetu dio. Lurrek ez daki zer erantzun, ez baitu bere ama sekula ezagutu.

Memoriari eta herentziari buruz ausnartu nahi dugu gure hurrengo antzezlanean. Guretzat lanabes diren kontaketa narratiboa, gorputz espresioa eta txotxongiloen estetika uztartuz gure memoria konszientetik haratago dauden marka horietan murgildu nahi dugu. Bereziki emakumearen begiradatik.

Sormen prozesuaren lehen parte honetan horrelako istorio bat kontatzeko zein unibertso estetiko- zein lengoaia eszeniko- behar ditugun atzematea dugu helburu. Txotxongiloen erabilpena ere landuko dugu, zein formatan elikatu dezaketen antzezlanaren poetika begiratuz. Inkonszientearen iruditeria, forma eta erritmoak landu nahi ditugu.

Gure historia kolektibo konkretu batetik (Gerra zibila) talde gisa gure imaginarioan bizi daitezkeen irudi horien bila jardungo dugu egonaldian. Gorputzera iltzatu zaizkigun irudi irrazional horien eszenarako bidea probatuko dugu, oraindik ere gure buruei galdetu gabe zer esan nahi duten edo zein funtzio beteko duten aurreragoko antzezlanean.

 

Dejabu panpin laborategia antzerki konpainia 2011. urtean sortu zuten Urko Redondok eta Ainara Gurrutxagak. Antzerki forma berriak interesatu izan ditu hasieratik eta sormen propioko lanak taularatu izan dituzte beti. Urte hauetan euren lengoaia estetiko propioa garatu dute, errealismo magiko eta poetika handiko lanak eskainiz. Hainbat sari eskuratu ditu konpainiak bere ibilbidean, “Gizona ez da txoria” (2009) lanak Bilboko sortzaile berrien ACT Nazioarteko jaialdian antzezlan onenaren saria eskuratu zuen 2008 an, Pragako World Puppet Arts jaialdian zuzendari onenaren saria (2009) eta Serbiako Subotica Thetare Festivalen antzezle onenaren saria jaso zuen Ainara Gurrutxagak. Le Petit theatre de Pain eta Artedrama konpainiekin kolaborazioan sortutako “Errautsak” (2010) antzezlanak Donostia Antzerki Saria 2011 eskuratu zuen eta “Gure bide galduak” (2011) berriz Donostia Antzerki Saria 2012koa. Azken antzezlan honen testua Artezblai argitaletxeak kaleratu berri du. Taldekideak herriko Mikelazulo kultur elkartearen kide dira haren sorreratik. Kultur ekintzen antolaketan parte hartzen dute urtean zehar eta ekainean Eztena antzerki jaialdia antolatzen dute duela bost urtetik. Gaur egun Le Petit theatre de pain eta Artedramarekin batera “Hamlet” antzezlana lantzen dihardute. 2013ko azaroaren 1ean estreinatuko dute Luhusoko Harri Xurin.

 

Azalako egoitzan parte- hartuko dute: Ainara Gurrutxaga, Urko Rekondo, Miren Alkala, Iñigo Aranberri

LUR NAIZ
Espazioa naturan
diseinua: leirelana.com