CAST | EUSK | ENGL
» home | » kreazio espazioa | » jarduerak | » artisten egoitzak | » ATLANTIDA
ATLANTIDA

Sorkuntza egoitza La Tristura (Madrid)

otsailaren 26tik martxoaren 4ra

ATE IREKIAK: martxoaren 3an

 

Elkarrekin lanean urteak eman ondoren, antolaketa eszenikoari buruzko ziurtasun batzuk lortu ditugu, behintzat. Eta berriro zalantzak eraman ez ditzan, haiekin arituko gara lanean honako prozesu berri honetan: Atlantida. Lehenbiziko aldiz modu zuzenean ikertuko dugu narrazio eszenikoaren banaketa. Gure lan zaharragoetan, kanpo-egitura trinkoak sortzeaz arduratu gara, ikusleak bide argi bat ikusi dezan eta komunikazio-egoeraren oinarriak jaso ditzan, horrek guztiak guri gainerako konposizioan askatasunez aritzeko espazioa emango digulakoan. Hilabete hauetan zehar baina, pieza bat egiteko asmoa daukagu. Pieza horrek elkarren artean oso ezberdinak izango diren hiru zati izango ditu, eta elkarren oso diferente izango dira parametro formalen ikuspuntutik ere. Ibilbide bati ekingo diogu hiru sorkuntza-lanen bidez, narrazio eszenikoa elkarren artean guztiz ezberdinak izango diren hiru modutan ikertu ahal izateko, baina hirurak batera jartzen baditugu, paisaia oso bat osatuko duten moduan eginda, paisaia oso, propio eta bakarra, eszena, beste ezer baino lehen, erresistentzia-toki bihurtzeko.

Hiru mundu txiki izango dira aurkeztuko ditugunak, eta haien artean sortuko den erlazioa ikuslearen adimenean baino ez da emango. Eszenan ageri diren gorputzak dena kontatzeko arduratik libre daude, erantzukizun hori beste osagai batzuena izango da: testua, musika edo objektuak, ardura handiago batekin, esanahiak bideratzeko orduan. Intimotasunaren alde egiten jarraituko dugu, baita erabateko agerpenaren alde, eta erantzun baten itxura izango duen zerbaiten alde ere bai, lan honekin geure kaligrafia etsi-etsian moldeatzen segitzeko prest.

Hala kontatu ziguten, uharte bat izan zela Herkulesen zutabeen inguruan, Atlantida izenekoa. Han bizi izan zen herria herri zintzoa eta onbidezkoa izan zen, eta legeen arabera, bertan errege zirenek euren arteko elkarlaguntza suspertu egin behar zuten. Denboraren poderioz baina, herria harrokeriak eta handinahiak hartu zituen, eta gainerako herrien kontrako gudari ekin zioten, beren mugak munduan barrena zabaltzeko helburuarekin. Zeruko agintariek halako jokabideak izango zituen ondorio izugarrien berri eman zieten herritarrei, baina horiek, badakigunez, entzungor egin zieten. “Egun beltz eta gau beltzago batean”, jainkoen zigorra jaso zuten. Lurrikara ikaragarri batek uhartea astindu eta sekulako uholdea eragin zuen. Atlantida hura, inoiz halakorik egon bazen, ur azpira desagertu zen. Hori izango da gure proiektuaren hiru zatien abiapuntua.

1. Sorrera

Ez du pertsonarik parte hartuko, lehenengo zati horretan. Argiak, objektuak, musika eta proiektatutako testuak sortuko dute bertako paisaia. Hor, ez dagoen gizakia, gutxieneko osagaia da perfektua den mekanismo baten barruan. Jainkoak mundua egin zuela esan ziguten. Harri multzo bat eta gas multzo bat, biak batera nahastu eta lurra sortu zutela, hori ere esan ziguten. Itsasoaren, lurretik jaiotzen ziren zuhaitzen, haizearen eta izarren soinuek gor utzi gintuzten hainbat mendez. Gero, entzumena berreskuratu genuen zertxobait, hasierakoa soinutxo ia mutu bat zen, urruneko, baina gero, poliki-poliki, hitza egin ziren. Munduko kondairak entzuten, gure jaiotegunean izarrek hartu zuten tokia aztertzen, gure jakinduria gure seme-alaben eskuetara jartzen, Historiaren norabide berdinari eusteko ez beste helburuarekin milaka eta milaka urtez zahartzen milaka eta milaka urte eman ondoren, oraindik ere ez dakigu ongi zein den lur honetan guk daukagun gure benetako garrantzia.

2. Lurra

Gaueko ordu txikietan gaude, Europako hiri bateko taberna batean. Lagun talde batek hitzordua egin du han, beren bizitzako gaurik ederrena igarotzeko asmoz. Pianoa dago, denek kanta eta edan egiten dute, maitatzeko eta maitatuak izateko nolabaiteko grina piztu da, plazera zertan den erabakitzeko halako gogoa. Zein litzateke gau perfektuena? Zergatik bildu dira han? Dagoeneko garrantzitsuena gau horretan ez da aurpegia ematea edo egia esatea, garrantzitsuena bestei hegan araztea da, elkar uki daitezela, elkar maitatu daitezela. Guztiak sentitzen dira nor, ezinbestekoak. Garrantzitsuena zera da, desira ibili dadila zainetatik, bizitzaren mugimendu hauskorra eskua artean lotu ahal izatea. Garrantzitsuena kontrolik eza da, haustura, jenialtasuna, etorria, barrea. Cassavetesen filma batean bezala, ez gara inprobisatzen saiatuko, eszenan bizitzea da egingo duguna, begiratzeaz eta begiratuak izatetik biziko gara. Zerbait egiten ari zarela jakitun zaren une hori bera bizitzea eta disfrutatzea da kontua, zerbait hori betiko gogoratuko duzula jakinda gainera. Eta ados daude azkenean. Gorputzaren mugak ezagutzen direnean eta dena nekearen muturreraino bizi denean, orduan bestearekin bat egin duzula esan dezakezu, orduan lurrean bai izan zarela esan dezakezu.

3. Etorkizuna

Hirugarren atala, nolabait, etxerako itzulera izango da. Urte hauetan zehar, hizkuntza erabili dugu gure piezetako material nagusi bezala, hitzak bere forma ezberdinetan, ia gehienetan, bakarrizketen gisa, baina ez beti. Pentsamendua ordenatu ahal izateko baliotu dugu, hedatu eta aldi berean ezkutatu nahi duen burmuina baten barruan ematen den ideia txiki baten garapena ordenatzeko alegia. Atal honetan, beraz, bestetan ere egin dugun lanari ekingo diogu berriro, entzuten dagoenari ahalik eta gehien hurbiltzeko asmoarekin. Mekanismoak gelditu egiten direnean, zarata isildu egiten denean, eta makinak ere bai, orduan berriro agertzen da gizakia. Eta hitz egin beharra dauka. Bidaiari amaiera emateko gure modua izango da. Jatorrira itzultzea da, gizon bat besteen aurrez aurre bakarrik jartzen da eta bere istorioa kontatzen du. Denok hemendik desagertzen garenean, zenbat gehiago iraungo du gure argiaren dirdirak? Noraino iritsiko da gure kondaira?

 

Itsaso Aranak, Pablo Fidalgok, Violeta Gilek eta Celso Gimenezek osatzen dute La Tristura. Lanari ekin zioten 2004an, Madrilen. Hezkuntza jaso dute denek antzerkiaren alorrean, baina hizkuntza eszeniko berrien ikerkuntzari eskaini diote arreta berezia, horretarako euren munduak sortuz eta hitzaren erabilera asko zainduz. “Materia Prima” da egin berri duten azken pieza, herentzia, hezkuntza eta etorkizunari buruzko azterketa baten emaitza, honako lan honekin amaitutzat ematen dutena, “Trilogía de la Educación Sentimental” izeneko trilogia osatzeko azkenean. “Proiektua buruan darabilgu aspalditik, gure solasaldietan etengabe ateratzen da, eta zehazten goaz poliki-poliki”. Urtarriletik aurrera, Materia Prima lanaren azken emanaldiak eskaini eta gero, lan-taldea sorkuntzan buru-belarri aritzeko aukera izango duenean. 2011ko urrian, Madrilgo Mataderon, eta Sismo Festibalaren barruan, ikerketa eszeniko bat aurkeztu zen, hori izango da Atlantida lanaren bigarren zatiaren sorburu, gure proiektuan Lurra izena hartu duena hain zuzen. Azala-n, proiektuak dituen hiru zatietatik azkena landuko dute bereziki, Etorkizuna. Piezari amaiera emango dion atal eszenikoari begira, hilabete hauetan zehar landuko dituzten testuak eta ideiak erabiltzeko saioa egingo dute, proposamen guztia burutzeko asmoz. Ziurrenik, han, Chiara Bersani interpretatzaile italiarrak eta Abraham Boba konpositoreak lagunduta arituko dira. Eta hasiera batean behintzat, zati hori izango jendaurrean erakutsiko dutena, martxoaren 3an.

 

ATLANTIDA
erlazionaturiko artxiboak
erlazionaturiko loturak
Espazioa naturan
diseinua: leirelana.com