CAST | EUSK | ENGL
» home | » kreazio espazioa | » jarduerak | » artisten egoitzak | » MU-TO
MU-TO

Sorkuntza egoitza, Laida Azkona (Iruñea)

urriak 2tik 9ra

ATE IREKIAK: urriak 6

 

Mu-To. Banakako bi silaba dira, hitz bat osatzen. Laida-Vero. Banakako bi izen dira, kontzeptu eszenografiko bat eraikitzen. Mu-To, edo gaztelerazko “mutuo” (elkarren arteko). Lotura. Topaldi. Mu-To lankidetza da, bata besteari tranpak jartzea, jokoaren arauak asmatzea, distantziatik gidatu eta erronkak elkarri jartzea. Mu-To, edo gaztelerazko “mutar” (aldatu), bat izan eta gero ez, beste bat izan eta gero bestea eta gero zu zeu berriro izan. Mu-To bidai bat egitea da. Helburu jakinik gabe abiatzea, helburua bera gure bila ekartzea. Ezjakintasunaren baitako ariketa bat da. Zerbaiten susmoa eduki, eta ziur zer den ez dakigun horri tiraka aurrera egin jardunean. Mu-To ontzat ematen den hori guztia zalantzan jartzeko gogoa da, inertziari kontra egiteko beharra. Haurraren begiekin begiratzea berriro. Mutatu. Aldaketaren eta eraldaketaren alde aritzea. Baina… nork kontatzen digu bidaia hori? Bidaia hori, egindakoa da ala egiteke dago? Beste norbaiten gogoaren proiekzioa al da?

Laida Azkonak eta Veronica Eguarasek topo egin zuten bidean, 2010eko udaberrian. Haien sorkuntza-jatorriak arte eszenikoetan eta plastikoetan daude hurrenez hurren, baina biek dute jakin-min bera. Laidak sormen-proiektu pertsonal berri bati ekin berri dio, bere ikerketa-gogoaren mesederako: http://mu-to.blogspot.com/p/previo.html. Proiektuari jarraipena emateko, diziplinak eta ezagutzak elkartzea erabaki dugu. Metodologia zehazteko, abiapuntuaren araberako azterketa egin genuen:

Gutxitan daukagu elkarrekin aritzeko aukera. Urrutitik eusten diogu gure harremanari, eta elkarrekin komunikatzeko erabili ohi dugun komunikabidearen (internet) ondorioz lantzen dugun sinkronia gabeziaren bitartez. Lehenago aurretik egindako gure prozesu sortzaileak elkarren artean oso ezberdinak diren euskarriak bitzen ditu (performance, interpretazioa, dantza vs eskultura, jantziak, bideoa, argazkia). Modu berriak bilatu nahi ditugu, eta gure aurreko lanean errotu diren patroi sortzaileak apurtu, aldaketaren mesederako. Ekintza eszenikoari berez dagozkion errealitateak gainjarri nahi ditugu. Bere naturaltasunik ezaren benetakotasuna ukatu gabe aritu, benetako eszenatoki baten gainean ari baikara eta ez daukagu hori horrela denik ukatzeko asmorik.

Baina eszenako metalengoaia, areago doan zerbait kontatzeko gogoz ere bizi da. Mu-To izeneko egitasmoaren hastapenetan, bidaia izan zen aukeratutako kontzeptua, eta kontzeptu horren beraren definizioa beste esanahietara zabaltzen genuen:

Bidaia, egunerokotasunari irtenbidea emateko modu bezala: gure eguneroko inguruari begiratu, gurea ez denari begiratzen diogun jakin-min berberaz. Bidaia, irudimenaren hegaldi bezala: buruko proiekzioa. Bidaia, ikasbide bezala: kulturala, pertsonala, soziala, historikoa…

Bidaia, testuingurua aldatzeko modu bezala; norbanakoarena edo arrotzarena. Bidaia, kontraste gisa: goian-behean, uda-negua, ipar-hego. Bidaia, enpatia modura: bestearen lekuan jartzeko gauza izatea. Bidaia, estreinakoz aritzea bezala: lehenbiziko zaporea, lehenbiziko usaia, haur-esperientzia. Bidaia, iritzi bezala: ikuspuntua. Mapari bira eman. Ikuspegiz aldatu. Bidaia, ezohiko egoera bat bezala: gogoz nahiz fisikoki aldatuta sentitzea.

Hasieratik gaur arte, proiektuaren ildo kontzeptualaren bilakaera honako modu honetan eman da:

BIDAIA > ALDAKETA > TRANSFORMAZIOA > MUTATU > BERRIZ ASMATU

MU-TO proiektuak izaera hibridoa du, eta diziplina ezberdinek hornitzen dute. Eszenikoen gorputz eta ekintza iragankorra; arte plastikoen eta ikerkuntza teorikoaren ikuspegi estetikoa eta miaketa audiobisuala.

Mu-To proiektuak bere errealitatea berrasmatzen du orainaren, iraganaren eskutik eta egunerokoaren desnaturalizazioaren bitartez.

Dantza-proiektu gisa mamitzen da, ekintzaren kudeaketari ematen dion balioarengatik, bereziki denborarekin eta espazioarekin gordetzen duen bere harremanari dagokionean. Baina modu horizontalean eratzen da, literatur gidoi baten antzera, lantaldean sortutako autobiografia baten, sormen-prozesuaren iparrorratz-kutxa baten, dokumental baten, poema bisual baten eta gorputza mugimenduan aztertzen duen ikerketa baten antzera. Gainera, agerian utziko lituzke sorkuntzaren joko-arauak.

PARADAS (ikus metodologia) izenekoak sormen-prozesuaren oinarrizko zutabeetako bat dira. Etengabeko lanaldi baten ondorio dira, leku konkretu batetik abiatuta, lanaren erakusketarekin eta ondorengo emaitzen bilketarekin amaitzen dena. Horregatik da prozesuarentzat hain funtsezko egonaldia hauetan garatu daitekeen lanaldi trinkoa.

Proiektua prozesu baten ondorio da, hori du bere izaera, eta jendaurreko hainbat erakustaldien bidez mamitzen da; etengabe eraikitzen ari den performance ibiltaria. Sormen-prozesuak antzezpenek duten garrantzi berbera du.

Ondorioz, proiektuaren helburua honako eztabaidagai hauei buruz gogoeta teorikoa nahiz praktikoa egitea da:

Ikerketa

Ikerketa artean aldi berean da teorikoa eta praktikoa, eta metodologia bat diseinatzen den unetik, sorkuntzara bideratuta dago. Ikerketa sorkuntzaren parte funtsezkoa da, horregatik egin nahi genuke guk ageriko.

Prozesua

Ikerketa nabarmendu eta gero, berez lortzen du sormen-prozesuak bere garrantzia. Prozesu hori jendaurreko erakustaldiaren proiektuan sartu ez sartu hausnartzen ari gara, baita emaitzak erakusteko beharrari eta moduari buruz ere hausnarrean.

Ekintza

Egilea > zerbaiten sorburu den pertsona. (RAE) Egiletzaren definizioak berez gordetzen du bere baitan esanahi performatibo bat, gehiago da ekintza, objektu baino. Ekintza performatiboa ekimena da, baina erakustaldiko orainarenak ez diren espazioei eta denborei dagozkien osagaiak harengan nola txertatu ikertu nahi dugu. Ekintza eraman eszenatokitik harago.

Narrazioa

Obra, esperientzia bateko jendaurreko aitorpen gisa. Narrazioa, denbora bidaiatzen laguntzen digun tresna bezala. Taldeko sorkuntza partekatutako autobiografia baten eraikuntzaren antzera. Errealitatearen fikzioa egiten eta fikzioa egiazko bihurtzen.

Ekintza eszenikoa

Eszenan dagoen pertsonak ikusleek dakitena baino gehiago jakin behar ote duen galdetu nahi diogu geure buruari. Zer gertatzen da interpretearekin bere burua bera den bezala aurkezten badu, eta nola jokatu ekintza eszenikoaren fikzioarekin eta errealitatearekin.

MU-TO
argazkiak
  • ATE IREKIAK Mu- To, Laida Azkona
  • ATE IREKIAK Mu- To, Laida Azkona
  • ATE IREKIAK Mu- To, Laida Azkona
erlazionaturiko artxiboak
Espazioa naturan
diseinua: leirelana.com